andreasetagudrun

Bolaño 2013ko urteurren apolitiko-posmodernoen aurka! [6 poema] [poetische samizdat]

In irudidun poemak · poetische Samizdaten,panfletoak · Pamphleten on 2012/12/31 at 11:11

35bolaño

2013a heltzear dago eta aritmetikaren aginduz urteurrenok entzungo dituzu: Wagner, Diesel, Kavafis. Oportunismo zikin hori Lukácsek gorroto zuena, guretzako aukera bat da. Memoriaren bataila dago. Eta bataila politikoa dago tresna eraldatzaileei esan nahi dieguna esanarazteko aukera.

Zital horiek ahaleginduko dira azaltzen haien taldekoak direla: Rosa Parks ez zela gaur egun kexatuko Espainiako Erreinuko eskubide zibil eta politikoen ezdeustasunagatik, Stanislavski sobietarrak zinema alienatzailearentzat egin zuela lan (mmm tira, horretan ados geundeke), Robert Capa irudiaren borrokalari soila zela, Verdi ez zela okupazio militarraren aurkako artista abertzale bat eta Lutoslawskik Poloniako Langile Batuen Alderdiko karneta behartuta eskuratu zuela esango dizute.

Guri kezkagarriena Roberto Bolañorenaren gainean egingo diren irakurketa melengeak iruditzen zaizkigu. Eta Bastilla hartu zuten egunera arte poeta neotxiletarraren heriotzaren hamargarren urteurrena beteko ez bada ere, 2013a poeta azpimarratzen hasi nahi dugu.

Horregatik sartuko ditugu sudurrak azken libururaino eta saiatuko gara testuinguruak ulertzen. Neotxiletarrekin edo melodia infinituaren sindikatukoekin.

Hasteko hona Samizdat hau pdf formatuan:

35Bolaño

–jaitsi pdf-a ze blog formatua ez da bereziki apaina, lerroak irensten baititu dijitaltasunak–

Elite mundial eta lokalen amaieraren hasiera izan dadila 2013a!

Andreas eta Gudrun [Angiolillo PamphletistInen]

@andreas_gudrun | ZuZeu

35Bolaño1

TROIAKO ROBERTO DEUNA

Troiar miresgarriok     Izurriaren eta legenarraren

eskarmentu luzean     Zoriontasunaren beheko mailan

Ezbairik gabe bizirik     Edertasunaren alde

borrokatu zuten troiar miresgarriok

Deusetarako balio ez duten makinez ereindako bideak

ibiliz     Nire metrika nire intuizioak

egunaren akaberako nire bakardadea

(Ezpata eutsiz esan nuen: ze errima dira hauek?)

Basamortutik aurrera egiten duten opariak:

zuek zeuok     Troiako hiritar miresgarriok

[2012]

35Bolaño2

ERNESTO CARDENAL ETA BIOK

Ibilian nindoan, izerditan eta ilea aurpegian

itsatsia

Ernesto Cardenal kontrako norabidean zetorrela

ikusi nuenean

eta agurtu nuen esanaz:

Aita, Zeruetako erreinua

den komunismoan

ba al da homosexualentzako lekurik?

Bai, esan zuen berak.

Eta masturbatzaile damugabeentzat?

Eta sexu-esklaboentzat?

Eta sexu adar-jotzaileentzat?

Sadomasokistentzat, putentzat, enemen

fanatikoentzat,

gehiago ezin dutenentzat, benetan

gehiago ezin dutenentzat?

Eta Cardenalek baietz esan zuen.

Eta nik begirada altxatu

eta hodeiek katuen

irribarre arinki arrosakarak ziruditen

eta muinoari (igo behar genuen muinoari)

atzera-puntadak egiten zizkieten zuhaitzek

adaxkak astintzen zituzten.

Zuhaitz basatiak esanaz

egunen batean, berandu baino lehen, etorriko zarela

nire goma-antzeko besoetara, nire aihen-antzeko besoetara,

nire beso hotzetara. Landare hotz horrek

ileak laztuko dizkizu.

[2012]

35Bolaño3

LUPE

Guerreron egiten zuen lan, Juliánen etxetik kale

gutxitara

eta 17 urte zituen eta seme bat galdu zuen. Oroitzeak

negarra eragiten zion Trébol hoteleko gela hartan,

zabala eta iluna zen, bainuontzia eta bideta zuen,

urte batzuk bertan bizitzeko leku zoragarria. Memoria apokrifoak

edo terrorezko poema sorta bat

idazteko leku zoragarria. Lupe

meharra zen eta zango luzeak zituen eta zikinak

kulero zangodunak bezala.

Lehenengo aldian ez nuen erekziorik ere izan:

ez nuen espero ere erekziorik izatea. Lupek bere bizitzaz mintzo zen

eta harentzat zoriontasuna zenari buruz.

Aste beteren buruan ostera ikusi genuen elkar.

Iskina batean egin nuen berarekin topo, beste puta nerabe batzuekin zegoen,

Cadillac zahar baten lohi-babesean bermatua zegoen.

Uste dut elkar ikusteaz poztu ginela. Ordutik aurrera

bere bizitzari buruzko gauzak kontatzen hasi zen Lupe, batzuetan negarrez,

batzuetan txortan, ia beti ohean biluzirik,

eskutik helduta zeru oskarbiari begira.

Bere semea gaixo jaio zen eta Lupek hitzeman zion Birjinari

ogibidea utziko zuela bere haurtxoa sendatzen bazen.

Hilabetez edo biz eutsi zion hitzemandakoari eta gero bueltatu behar izan zen.

Handik gutxira semea hil zitzaion eta Lupek zioen errua

berea zela Birjinarekikoa ez egiteagatik.

Birjinak aingerutxo bat eraman zuen eutsi gabeko hitzemate batengatik.

Nik ez nekien zer esan.

Haurrak gogoko nituen, ziur,

baina urte asko falta zitzaizkidan jakiteko

seme bat izateak zer esan nahi zuen.

Horregatik gelditzen nintzen isilik hotel hartako isiltasuna

zeinen estrainioa zen pentsatzen.

Hormak lodiegiak ziren edo bizilagun bakarrak ginen

edo gainontzekoek ez zuten ahoa zabaltzen ezta alarau egiteko.

Hain zen erraza Lupe gobernatzea eta gizon sentitzea

eta zital sentitzea. Erraza zen norberaren erritmora

egokitzea eta erraza zen Bucareli zineman

ikusi zituen terrorezko azken filmei buruz

entzutea.

Bere lehoinabar zangoak nire gerrian korapilatzen ziren

eta burua nire bularrean hondoratzen zuen nire ditiburuak

edo bihotz taupadak bilatzen zituen.

Hori miazkatu nahi dizut, esan zidan gau batez.

Zer Lupe? Bihotza.

[2012]

35Bolaño4

EULI ARTEAN

Troiako olerkariak

zuena izan zitekeen ezer ere ez da egun

existitzen

Ez tenplurik ez lorategirik

ez olerkaritzarik

Askeak zarete

Troiako olerkari miragarriok

[2012]

MUSA

Eguzkia baino ederragoa zen

eta nik ez nituen oraindik 16 urte.

24 joan dira

eta oraindik alboan daukat.

Batzuetan oinez dakusat

mendien gainean: gure otoitzen

aingeru zaindaria da.

Hitzematea eta txistukadarekin batera

itzultzen den ametsa da.

Deitzen gaituen txistukada

eta galarazten gaituena.

Bere begietan nire maitasun galdu guztien

aurpegiak ikusten ditut.

A, Musa, babes nazazu,

diotsot, abentura pausagabearen

egun lazgarrietan.

Ez zaitez inoiz nigandik banatu.

Zaindu nire pausuak eta nire seme

Lautaroren pausuak.

Utzidazu zure hatz-puntak

bizkarrean berriz sentitzen,

bultza nazazu dena ilun dagoenean,

dena galduta dagoenean.

Utzidazu txistukada ostera entzuten.

Zure maitale fidela naiz

batzuetan ametsak

zugandik bereizten nauen.

Zu ere ametsetako erregina zara.

Egunero duzu nire laguntasuna

eta egunen batean

zure laguntasunak jasoko nau

ahanzturaren lugorritik.

Zeren nahiz eta zu etorri

ni joaten naizenean

funtsean lagun

bereizezinak gara.

Musa, noan lekura

noala

zu ere bazoaz.

Ospitaleetan ikusi zaitut

eta preso politikoen

ilaran.

Edna Liebermanen

begi izugarrietan ikusi zintudan

eta pistoladunen

tiraderetan.

Eta beti babestu ninduzun!

Galeran eta marraduran.

Harreman gaixoetan

eta krudeltasunean,

beti izan zinen nirekin.

Eta urteek aurrera eginda ere

eta Alamedako eta

Librería de Cristaleko Roberto Bolaño

eraldatuta ere,

geldiarazita ere,

ergeltzen bada ere eta zahartzen

zuk beti bezain eder iraungo duzu.

Eguzkia eta izarrak

bainoago.

Musa, zoazen lekura

noa

ni.

Zure lorratz distiratsua darrait

gau luzean zehar.

Urteei edo gaixotasunei

garrantzirik eman gabe.

Zu jarraitzeko egin behar dudan

ahaleginari eta minari

garrantzirik eman gabe.

Zurekin suntsitutako guneak

zeharka ditzakedalako

eta Kimerara

bueltatzeko atea

beti izango dut zabalik,

zu nirekin baitzaude,

Musa,

eguzkia baino ederragoa

eta izarrak

baino ederragoa.

[2012]

LATINOAMERIKAKO POESIA

Lazgarria, jaunok. Hustasuna eta ikara.

Inurrien paisaia.

Hutsunean. Baina funtsean, erabilgarriak.

Irakurri eta begietsi ditzagun eguneroko gogoetak:

Han daude Mexiko eta Argentinako poetak,

Perukoak eta Kolonbiakoak, Txilekoak, Brasilgoak

Eta Boliviakoak.

Haien botere zatietan tematuak,

Borrokarako prest (etengabe) Ezerezaren edo

Gazteen oldarretik haien gazteluak

defendatzeko prest. Itunak egitearen alde, jaramonik ez egitearen alde,

(Ahozko) bortizkeria erabiltzearen, antologietatik

Elementu subertsiboak desagerraraztearen alde:

Kuku zahar batzuk.

Geure kontinentearen erakusgarri argia den ekintza.

Txiroak eta ahulak, kontingentzia hau

Hoberen eszenaratzen dutenak geure poetak dira.

Txiroak eta ahulak, ez Europakoak

Ez Estatu Batuetakoak,

Patetikoki harroak eta patetikoki kultuak

(Nahiz eta hobe genukeen matematika edo mekanika ikasi,

Hobe genuke lurra irauli eta eraitea! Hobe genuke

Puta egingo bagina!)

Edozein unibertsitatean, edozein tabernako barran

Heriotzari buruz hitz egiteko prest geundekeen puzkerrez betetako indioilarrak.

Halakoak gara, handiustekoak eta negargarriak,

Latinoamerika bezalakoak, hertsiki hierarkikoak, denok

Ilaran, denok geure lan guztiekin

Eta ingeles edo frantses ikastaro batekin,

Ezezagunaren ateetako

Ilaran zain:

Sari bat edo ostikada bat

Geure porlanezko ipurdietan.

Epilogoa: Eta bat eta bi eta hiru, nire bihotza alderantziz, eta lau eta bost eta sei, hautsia dago, ikusten duzue, eta zazpi eta zortzi eta bederatzi, euria ari du, euria ari du, euria ari du…

[2012]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: