andreasetagudrun

«bihar inork ez diezadan esan ez dudala oroitzeko eskubiderik» [Ariel Dorfmanen zazpi olerki] [poetische samizdat]

In irudidun poemak · poetische Samizdaten,kolaborazioak · Zusammenarbeiten on 2012/09/03 at 16:45

LOPEZ DE LUZURIAGA, NADEXDA TOLOKONIKOVA ETA GAINONTZEKOAK LIBRE!

Hemen dakarzkizugu Ariel Dorfmanen Pruebas al canto (Nueva Imagen, 1980 Mexiko) liburutik hartutako zazpi olerki. Euskaratu ditugun poema gehienak ezin dira jatorrizko bertsioan zibernetikoki – bide ohikoak erabilita – aurkitu. Beraz, egoki baderitzozu, emazkiozu ere zure alboko gaztelaniadunari, espresuki takigrafiatu ditugu (itzulpen gerrillari honek badu zer hobetua, lagun gaitzazu beraz). Oso egokitzat ditugu abuztu-irail zapaltzaile honetarako. Tamalez Argentinako bertsook San Petersburgotik Donostiako Ospitalera, Arantzadiko baratzetatik Écijako supermerkatura irakur ditzakegu.

Ez ahaztu Dorfmanen lan bat euskaratu zuela Fito Rodriguezek: Herioa eta dontzeila, Txalapartak 2010ean argitaratua. Bestela ere, gai honi buruz hamaika lan badira euskaraz, Joseba Sarrionandiaren Kartzelako Poemak (Susa 1992/2011); Erramun Landaren grabatuei Koldo Izagirrek egindako olerkiak Harresi ostean pareta liburuttoan (Susa 2008), Stefan Zweigen Xake nobela ere – zentzu zabalean – halakoei buruz mintzo da (Alberdania 1999), autore askoren artean Haginetako mina osotu zuen Txalapartak (2008). Zerrenda luzea, egongo da inon sistematikoki jasoa, eskuratzen dugunean erakusgai jarriko dugu.

Hemen beraz gaurkoak PDFan:

dorfman

[!] Kasu: hemen behean dauzkazun olerkietan ez daude autoreak egindako bertso-tarteak eta sangriak errespetatuta, olerkiak egoki irakurtzeko telekargatu goiko PDFa, milesker.

Besarkada Arantzaditik:

Andreas eta Gudrun

@andreas_gudrun | ZuZeu

Neskatikoari lehenengo hortzak jausten ari zaizkio

eta hori? nor da

osaba Robertoren aldamenean dagoen hori?

ai, neskatiko, hori zure aita da

eta zergatik ez dator aita?

ezin duelako.

hilik dago

inoiz ez datorren aita?

eta esaten badiot aita

bizirik dagoela

gezurra esaten ari naiz

eta esaten badiot

aita hilik dagoela

gezurra esaten ari naiz.

Horregatik diotsot gezurra esan gabe

esan diezaiokedan bakarra:

ez dator ezin duelako.

Itxaropena1

Edgardo Enríquez aitarentzat

Edgardo Enríquez semearentzat

Nere semea

ihazko

maiatzaren zortzitik

dago desagertuta.

Haren bila etorri ziren,

ordu batzuetarako soilik,

esan zuten,

errutinazko zenbait

galdera.

Matrikularik gabeko

autoak alde egin zuenetik

ezin izan dugu

deus ere

gehiago jakin

berari buruz.

Orain gauzak aldatu dira.

Askatu berri duten

kide gazte batek esan digu

bost hilabete beranduago

Villa Grimaldi-n

torturatzen zutela,

iraila bukaeran

grimalditarrenean zegoen

etxe koloretsuan

galdeketarekin ziharduten.

Diotenez ahotsarengatik

ezagutu zuten, oihuengatik,

diotenez.

Erantzundaizue zintzoki.

Ze garaian gaude,

ze mendean bizi gara,

zein da herrialde

honen izena?

Nola liteke,

galdetzen dizuet,

aita

baten zoriontasuna,

ama

baten zoriontasuna,

haien semea

torturatzen

ari direla

jakitean oinarritzea?

Eta bost hilabete beranduago

bizirik zegoelako

harro egotea,

gure

itxaropen handiena

urte hasieran

oraindik bizirik zela jakitea zen,

zortzi hilabete beranduago

torturekin jarraitzen zutela

eta baliteke, akaso, posible al da,

oraindik bizirik egotea?

11976ko martxoaren 24aren urteurrenean argitaratu zuen, 1980an. Egun hori izan zen Argentina eta Latinoamerikako egunik odoltsuena.

Arto pastela

Zaharrak ez zuen honekin

guztiarekin zer ikusirik.

Gure ama zelako

eraman zuten.

Ez zekien ezer

ezer ez

deus ere ez.

Irudika dezakezu?

Mina baino ez,

irudika dezakezu ezustekoa?

Berak ezin zuen susmatu

haiek lako

pertsonak

existi daitezkeenik

mundu honetan.

Bi urte eta erdi igaro dira

eta ez da oraindik azaldu.

Sukaldean sartu ziren

eta teontzia irakiten geratu zen.

Aita etxera heltzean

teontzia

lehor aurkitu zuen

eta oraindik irakiten ari zen.

Amantala ez zegoen.

Irudika dezakezu nola

begiratzen zituen

bi urte eta erdian zehar,

nola begiratuko dituen,

gero irudikatu benda bat

bi urte eta erdiz

begietatik

jaisten

eta existitu beharko

ez liratekeen gizonak

berriz ere hurbiltzen

direla.

Nire ama zen

Espero dut ez dela agertuko.

Kultura politika

Zer nahi dute nigandik?

Olatu batean, olatu baten gainean,

bide baten ertzean,

haserre bizian dauden zaldi geldiak dituen

ibai bat jan dezadan

nahi al dute?

Baina, zer nahi ote dute nigandik?

Ez al dira ohartzen ez naizela

goizaldean mailuarekin area kolpatzean

abesten duen zurgina?

Begira ezazue jarri hala adreiluak

irensten dituen igeltsero hau.

Begira ezazue marraztu ahal izateko

etxeak erretzen dituen arkitekto hau.

Begira ezazue berogailuetan irakin arren

umilki irakiteaz

asetzen ez den ur hau.

Gauez egiten dudana desegiten dut egunez,

zubiari beste zentimetro txiki bat gehitzeko,

nire haitzuloan eraikitzen dut eguzki bat eta beste ilargi bat,

distira berreskuratzeko,

iluntasunean zenbait izar altxatzen ditut,

eguzkia atera eta

argiztatzen dut,

argi hari bat edukitzeko azkenean,

inork ere ulertzen ez duen zerbait da eta oinperatzen dut

aurrera jarraitu ahal izateko.

Zer nahi dute nigandik?

Konkistatu dudan kolorea eman diezaiedala?

Nire laranja zapore bakartia pozoi dezadan?

Ez ditzadala haziak landatu,

ez dezadala semena alferrik galdu?

Baina zer ote da nahi dutena?

Bateria kargatzera ni neu etortzea esan didate

Elektrizitatea eten didate.

Bizilagunak begiratzen ditut,

baina haiek deus gertatuko ez balitz bezala ari dira,

haiek deus gertatuko ez balitz bezala jarraituko dute,

ez da etenaldi orokorra izango.

Eta norbait bisitan datorkidanean,

ziur ez dela jabetuko,

pentsatuko du bonbillek ez dutela funtzionatzen,

bizarra egiteko makinak konponketa behar duela,

irratiak bere nostalgia kuota eskaintzen duela

isiltasuna sortuaz.

Ez al da jabetzen iluntasunean

nagoela eserita

nire semearen karta eta pistolekin jolasten,

argia itzul dadin zain,

norbaitek hitz egin dezala kanpotik,

norbaitek ordain dezala faktura,

norbaitek dei ditzala suhiltzaileak,

norbaitek aurki dezala usaimen bidez nire kometa gorputza,

hainbeste maitatu eta bilatu eta eguzki egonkor

batekin egun argitu nahi izan zuena,

norbaitek esan diezadala zutitzeko eta ibiltzeko,

norbaitek ferekak egin diezazkidala ilean,

hemen nago, jaunok,

zirkuitulaburra, alanbre lumatua, baso arteko bakardadea,

bizilagunak noiz konturatuko zain

beranduegi –

akaso haiek ere ni bezalakoak dira eta ez dakite,

ni bezalakoak dira eta ez dakite

esaten –

itsu okerrenak, eta gaixoenak,

begiak

jausi eta urteen buruan

ikusten jarraitzen dutenak direlako.

 

Senide desagertuei buruzko informazio eske Santiagoko Nazio Batuen lokalean 26 lagunek gose greba egin zuten aste berean

gauez oheratu zen

juan carlos gil.

Marrantatua zegoen, nekatuta, baina pozik.

Ez zuen ahotsik

ezta baso bat ur eskatzeko.

Baina hori ez zen garrantzitsua.

Barkaidazue, ahaztu zait.

Akaso zuek ez dakizue

nor den

Juan Carlos Gil.

Gobernuko Ministro Idazkari Nagusiaren

zorion beroenak jasoak zituen,

komunikazio arduraduna zen.

Etzi igoko zioten soldata.

Egunkarien bigarren orrian azalduko zen bere argazkia,

akaso lehenengoan.

Ez dakizue ere

zergatik desagertu zitzaion

ahotsa.

Galderak idatziz erantzuten zituen,

elkarrizketak hitzartzen zituen

eztarriak ahalbidetzen zion

bezain laster.

Munduko errekorra

lortu zuen.

Reader’s Digest-en egutegiarekin

amets egiten zuen umea zenean,

eta orain Japonian, Australian, Myanmaren,

norbaitek bere izena irakurri

eta mirespenez mugituko zuen burua.

Hirurogeita bi ordu

jarraian,

erlojuz neurtuta.

Elkarrizketetan den-dena zehaztuko zuen.

Medikuarena bakarrik zen erruagatik

ez zen hirurogeita bost ordura heldu

aitaren adinari omenaldia egin nahi zion –,

jarraitzea debekatu zion,

bukatzera behartu zuen,

indarrez gainera,

osasun arrazoi soilengatik.

Aurreko errekorra

indonesiar batek zuen, uste dut:

hirurogei ordu soilik.

Baina arrakastak ez zuen bere lanean eragin.

Betiko gizon zintzo eta irribarretsua zen.

Ez zion egunero irratira joateari utziko.

Albisteak irakurriko zituen, futbolaz hitz egin,

Glostora eta Tip-Top-Tappers-ak saltzen

lagunduko zuen.

Hirurogeita bi orduko

etengabeko

hizketa:

Munduko Esatarien

Federazioko

ordezkarien aurrean.

Bere balentriaren ostean

hainbeste lo egin zuen

juan carlos gilek,

ia errekor berria erdietsi zuela:

lo egitearena.

Oso nekatua zegoen.

Barkaidazue, ahaztu zait.

Agian zuek ez dakizue

zeri buruz

hitz egin zuen

juan carlos gilek.

Agian entzun nahiko

duzue.

Hirurogeita bi orduak

grabatuta daude

eta edozein unean

eman ditzakegu.

Eguna oso urdin dago Amsterdamen

Sar zaitez botika batean, sartu,

eska iezaiezu eman diezazutela,

eskatu, bai, elkartasun

flasko bat.

Edo pilula bat, bakarra, bai, samurtasunezkoa,

begi orlegizko gaza bat.

Esaten didate ez dela nostalgiarako garaia.

Borrokan ari diren zuhaitzen ordua dela.

Borrokan ari diren zuhaitzen

sustraietan aizkora dagoen ordu soila dela.

Eta hosto bat erortzen deneko soinua

entzutea lortzen baduzu,

jakin inork ezingo duela altxatu.

Badakizu ezin dela katalogo bidez

elurrez beteriko mendizerra zuri bat eskatu

ezta ahuspez zerumuga itzuliko dizun

musika ere?

Ba al dakizu?

Erakutsizkidazue esku bateko

bandera garaiezineko

zeru puska beroak

gordetzeko

medikuen botika-aginduen

inprimakiak.

Tristeziarentzat, ez, ezin da

moztutako oinen martxa bat agindu.

Posible da, posible da oin moztuekin ibiltzea,

baina ez dizu inork halakori aginduko tristeziaren kontra.

Zer ez nukeen emango gure erbesteko

kanpaien barneko oihartzun likidoan

gure lurreko lur lurperatu

lehorraren gaineko euria isurtzeko.

Gertatu ohi da, odol asko ez dela hain ikusgarria guretzat,

zu eta zu eta niretzat,

hitz egin zuenarentzat eta

entzuten duenarentzat,

kukurtuta, urte batzuk beranduago zelatan gordea,

bidea aihozkadaz ireki beharra

eta aihotzik gabe nago

zuhaixketatik hazi ziren nire besoek

sortu duten oihan izoztuan,

hemen nago.

Hemen naiz,

hau da eraiki genuen bidea,

hauts hau da atzo jariatu genuena,

hemen nago, ardura oro nirea da,

zutik nago itxi duen zirkuko

zaldi ezinezkoa bi hanketan bezala,

atzeko bi hanketan nago zutik,

etorkizuneko bidelapur,

nire lehenaldiaren erasotzailea naiz,

eta nire oroitzapenek alde egiten dute

listua jariatzeko eskubiderik ez

banu bezala, agurtzea ere ezinezko.

Horregatik dut baso izateko loria,

loretan dauden zuhaitzetatik zuhaitzak ikusteko.

Aukera badezaket,

ez nuke larba eta hezetasunak jaten duen enborra izan nahi.

Berriz ere hauta nezake haserre eta pasiozko makal distiratsua.

Baina zerbait ikasi dut, heldu egiten gara.

Utzidazue nire lekua har dezadan eukalipto handian,

utzidazue erortzen hostoa bezala paseatzen ari denaren eskura

paseatzaileak denbora dauka sustantzia, usaina, eraldatzeko,

hostoa erortzen da

flaskora, pilulara, sendagaira, begi orlegizko gazara,

bihar sar nadin

edo zure seme-alabak sar daitezen

botika batera, bai, galdatzera,

bihar inork ez diezadan esan

ez dudala oroitzeko eskubiderik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: