andreasetagudrun

Greba orokorrerako errepertorio bat: Pottier, Brecht, Maiakovski [poetische samizdat]

In irudidun poemak · poetische Samizdaten,kolaborazioak · Zusammenarbeiten on 2012/03/26 at 07:00

Ostegunean hilak 29 greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian.

Sarritan jabetu gara ezkerreko ukabila goian zenuela laralala zeniola Internazionalaren doinuarekin. Bada guregatik laralala abesten jarrai dezakezu. Baina, akaso, langile letratuen artaldearekin bat egin nahi duzu eta helburu hori erdiesteko Internazionalaren euskarazko bi bertsio igortzen dizkizugu. Bigarrena Arestik egina da, lehenengoa misterioa da, akaso Arestik egingo zuen, edo beste norbaitek, edo munduan itzulpen gehien egin dituen Herrikoi andreak egingo zuen.

Internazionalaz gainera langileon, prekarioon, ezkertiarron eta bestelako askatzaileon hiru abestiren hitzak itzuli ditugu. Brechten bi (Hanns Eisler-ek musikatuak) eta Maiakovskiren bat (Eislerren musikarekin hau ere).

Afixa bat ere gehitu dugu geure buletinaren 26. zenbakiarekin.

Jaso gure pedeeferik beroena: 24 ZABORRA ZABORTEGIRA!!

Itzulpena mailua da!

Pottier& Aresti& Brecht& Eisler& Maiakovski& Hupper + Andreas eta Gudrun

«ezin da edozer defendatu baina bide guztiak dira zilegi»UMPS-[ap]

[grebaren aurretik beste ekarpen bat egingo dugu. Erne!]

Internazionala

Hitzak eta musika: Eugène Pottier Euskarazko bertsioa: Gabriel Aresti

Zutik! Munduko langileak,

garai dezagun gosea!

Odoltzaren ondoan sarri

datorkigu asea!

Burgesiaren hilobitzat

zabal dezagun leizea,

harekin ehortziko dugu

eman daukun oinazea.

 Gora herri-artea,

agintera zuzen;

gure azken gerra

bizkor etorri zen.

Oihuaren ederra,

garbi eta ozen!

Munduko langile guztiak

bat egin gaitezen!

1Olerki hau Gabriel Aresti Itzulpenak (I), Susa, 1986 Donostia liburutik hartu dugu. Bertako oin-oharrean hauxe jartzen du: «Frantsesezko bertsiotik paratu zuen Arestik hemen eskaintzen dugun itzulpena. ETAko partaide batzuren epaiketarako prestatu zuen, hala eskatu baitzioten. Gaur egun beste bertsio bat da ezaguna, ustez Arestik itzulia hau ere, baina ez dugu itzulpen horren frogarik aurkitu».

Erwin Piscatorek Nazioarteko Lehenengo Musika-olinpiadentzako abestia eskatu eta Brecht eta Eislerek egin zuten 1934an. Nazionalsozialismoa garaitzeko ezinbestekoa jo zuen Brechtek sozialdemokrata eta komunisten batzea. 1935eko Estrasburgoko Musika-olinpiadetan 3.000 langilek parte hartu zuten. Lehenengo grabaketa Ernst Busch langileriaren ikonoak egin zuen 1937an 1936ko Gerra Zibilean Madrilen.

Behean Ernst Buschen bertsioa entzungo duzu. Halere, beste hainbat egin dira. 1969an Charlie Haden eta Liberation Music Orchestrak jazz bertsio hau egin zuen, adibidez:

Brötzmann, Van Hove eta Bennink-ek 1973an free-jazz-era eraman zuten:

Hannes Wader-en 1977ko zuzeneko bertsio kantautorearra ere dezente entzun izan dugu:

2009an Microphone mafia taldeak eta Esther Bejaranok hip-hop bertsioa grabatu zuten. Bejaranok kantu hauxe jada grabatu zuen 1987ko Vögel träumen auf den Zweigen – Lieder aus dem Widerstand diskoan, Hanburgon. Bejarano Auschwitzeko nesken orkestrako kide izan zen, eskusoinua jo zuen. 80ko hamarkadan bere alaba eta semearekin Coincidence taldea sortu zuen ghettoko, juduen eta antifaxisten kantak abesteko. Auschwitzeko gertaerei buruzko liburua idatzi zuten Esther Bejaranok berak eta Birgit Gärtner-ek: Wir leben trotzdem: Esther Bejarano – vom Mädchenorchester in Auschwitz zur Künstlerin für den Frieden. Liburua Pahl-Rugenstein-ek argitaratu zuen 2007an. Argitaletxe aleman hau da euskaratik zuzenean eta sistematikoki fikziozko narratiba itzuli duena Zubiak-Baskische Bibliothek bilduman.

Bertsio hiphopzale hau 2009koa da:


Langileen fronte batuaren abestia

Hitzak: Bertolt Brecht Musika: Hanns Eisler Bertsio hau: Ernst Busch

Pertsona pertsona denez gero,

ogia jan nahi du egunero.

Hitz hanpaturik ez berari,

jan nahi du eta ez berbarik.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

 

Pertsona pertsona denez gero,

arropak eta botak behar ditu behintzat.

Hitz hanpatuek ez dute berotuko

ezta danborren hotsek ere.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

 

Pertsona pertsona denez gero,

ez du bota aurpegian nahi.

Ez du bere pean esklaborik gura

ezta bere gainean jaberik ere.

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

Prekarioa prekario denez gero,

ezin du beste inork askatu.

Langileon askapena langileok

bakarrik gauzatuko dugu.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

1934

Hiru gai nagusi ditu Elkartasunaren kantuak: 1929ko krisia, lehen mundu gerra eta gizarte afera. Kuhle Wampe filmerako egin zuten Brecht eta Eislerrek. Leloa B-A-C-H armoniarekin eraikia dago eta azken akordea irekirik gelditzen da, erresoluziorik gabe. Beheko bideoan Ernst Buschen 1974ko bertsioa entzun dezakezu. Halere, abesti honi bertsio asko egin zaizkio, esaterako 1977an Sogenanntes Linksradikales Orchesterek jazz eta brassera moldatu zuen,  1985ean Quilapayún txiletarrek grabatu zuten portesta kantu moldera Alemaniako Errepublika Demokratikoan argitaratuko zen diskoan.

Elkartasunaren kantua

Hitzak: Bertolt Brecht Musika: Hanns Eisler


 

Aurrera eta ez ahaztu

zertan datzan geure indarra!

Gose izan edo ase izan

aurrera eta ez ahaztu inoiz

elkartasuna!

 

Zutik munduko langileak,

batu zaitezte helbururako

orain zeuena izango da

jostun handia izango delako.

Beltza, zuria, beltzarana, horia!

Gelditu haiek sortutako sarraskiak!

Herriek elkarri hitz egitean

arin batuko dira elkarrengana.

Azkar eskuratu nahi badugu,

oraindik zu eta zu behar zaituztegu.

Hurkoa alboan uzten duenak

bere burua uzten du bertan behera.

Geure jabeek – direnak direla –

geure banaketa pozik dakusate

ze bereizten gaituzten bitartean

geure jabe izaten jarraitzen dute.

Herrialde guztietako langileak

batu zaitezte eta izan askeak.

Zeuen errejimentu handiek

edozein tirania zarta dezakete!

 

Aurrera eta ez ahaztu inoiz

eta galdera zehatza egin

gose denari edo jatekoa duenari:

noren biharra da biharra?

Noren mundua da mundua?

1929

Ezkerreko martxa 1918an idatzi zuen Maiakovskik. Errusiako iraultzaren 50. urteurrenean Huppertek itzuli eta Eislerrek melodiaz jantzi zuen. 95. urteurren honetan euskaratu dugu. Eskertuko genuke kapitalismoa suntsitzeko eta haren lekuan antolaketa berdinzalerik eraiki nahi ez dutenek honako kantua erabiliko ez balute. Iruzur estetikoa zigortzeko bideak gertu ditugu.

Ezkerreko martxa 1

Musika: Eisler Hitzak: Maiakovski Alemanerako itzulpena: Huppert


 

Hedatu zeuen pausuak, zoazte beste norabait,

uztazue berriketa.

Ixo, hiztunok!

Zuk

daukazu hitza,

mintza zaitez, Mauser burkidea!

Adanen garaiko legea

ekarri duzu urperatzeko…

Borreroa lotsaraziko dugu.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Jaka urdindunok, aizue!

Noiz da erasoa?

Itsastatu ezazue ozeanoetan?!

Edo zerbait gaizki dago portuko

zeuen guda-ontzi erdoilduan?

Utzi

britainiar lehoia marru egiten,

hortzak erakusten ditu esfingeak.

Inork ez du Komuna makurtuko.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Han

mendi ilun malkartsuen atzean

eguzkia jaiotzen den lurra dago.

Pobreziatik

eta miseriatik

datoz milioika pausu!

Gaizkileen taldeen erasoekin

mehatxu egiten digute, –

Errusia egiezu aurre.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Itsutuko al da arranoa?

Itsutuko ote gaituzte?

Eutsi gogor

munduaren eztarriari

zeure langile eskuekin!

Borrokan aurrera darraizu!

Zeru, jantzi ezazu geure bandera!

Nork darama gaizki pausua?

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

1918

1Koldo Izagirrek eman zion izenburua errespetatu nahi izan dugu in Maiakovski: Poemak, Susa, 1993 Zarautz. 277 or.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: